Iondokorta aterpea

1954an sortu zen aterpea eraikitzeko asmoa, eratu berri zen Alpino Basconiak egindako lehen bazkide-asanblada orokorrean, urtarrilaren 14an. Iraola jaunak eskatu zuen gure mendietan aterpetxe alpino bat eraikitzeko aukeraz hausnartzeko. Jesús Altunak zapuztu zuen ideia, esanez horrek behartuko zuela taldea beti leku berera joaten, eta, gainera, obra handia izango zela.

Ordea, 1957ko azaroaren 11n berriro heldu zioten kontuari Zuzendaritza Batzordekoek, eta bazkide-talde bat elkartu zen, erabakitzeko ea aterpetxea non eraiki (proposamen bat baino gehiago zegoen-eta). Bozkatu, eta erabaki zuten aterpea Arraban egitea. Orozkoko Udalak, baina, ez zuen baimenik eman, eta, beraz, beste kokapen bat bilatu behar izan zuten. Aldi berean, finantziazio bila aritu ziren, aterpea eraikitzeko diru bila, alegia.

Burutaziorik bitxiena, hauxe: AEBetara idaztea, han bazeudelako bertako batzuk, dirudunak, laguntza emateko. 1957ko apirilaren 7ko asanbladan eman zuten ideia horren berri, eta AEBetako prentsan jarritako iragarkia irakurri zuten. Bada, iragarkiak uzta ekarri zuen: Enrique Peña Basauriko mendizale ohiaren baten gutuna jaso zuen Klubak. Algortan bizi eta gero, eta itsasgizona izaki, Idahora joan zen, eta pentsatu zuen euskal jai batean dirua biltzea Kluberako.

60.000 pezeta bildu omen zituzten, baina, egiari zor, gurera ez zen ezertxo ere ez heldu.

Aterpea eraikitzeko leku bila ari zirela, Espainiako Mendizale Federazioak salgai jarri zuen Egiriñaoko aterpea, eta, hala, Klubak zati bat eskatu zuen. Erantzuna izan zen dagoeneko zati guztiak zeudela esleituta (artean enkanterik edo antzekorik egin gabe). 1961eko apirilaren 9an, bazkide talde bat autobusetik jaitsi zen Zeanurin, Oketa mendira joateko. Iondokortako urtegia eraikitzeko garai bateko barrakoi baten aurretik igarotzean, aterpea etorri zitzaien burura, eta, azkenean, ideia bota zioten Klubeko Zuzendaritzari. Azkenean, 1964an, Klubaren ordezkaritza bat harremanetan jarri zen Sagastizabal injeniariarekin. Barrakoia saltzearen aurka agertu zen, baina alokatzeko aukera aurreikusi zuen, baldin eta aurretiaz definitutako proiektua aurkezten bazen. Proiektua aurkeztu, eta, enpresak oniritzia eman eta gero, alokairu-kontratua idatzi zuten. 1964ko uztailean ezohiko asanblada egin zuen Klubak. Obrarako aurrekontua irakurri, eta boluntarioen batzordea antolatu zuten, egin beharreko lanak aurrera eramateko. Urte bereko irailaren 13an hasi ziren lanak. Gero, 1967ko apirilean, lanak ia-ia amaituta zeudela, haize-ufada batek teilatu guztia altxatu zuen, eta berria egin behar izan zuten. 1967ko maiatzaren 28an egin zuten inaugurazioa.

Iondokortako aterpea

Prezioa, gaueko
Bazkideak 5€
Federatuak 7€
Bazkide ez diren adin nagusiak 11€
Bazkide ez diren adin txikikoak 7€
Diru gordailua 12€
Egurra Aste buru baterako prezioak
1 a 5 pertsona 10€
6 a 10 pertsona 15€
11 a 16 pertsona 20€
17 pertsona baino gehiago 30€
Aterpe biak beteta 45€
  • Bazkideek hilabeteko aurrerapenarekin eman ahalko dute izena.
  • Erreserba egiterakoan gutxienez bazkide bategaz kontatu behar da. Bazkideak, aterpeko giltzak hartu eta bere egoeraren arduraduna izango da.
  • Aterpea 7 egunez bakarrik erabili ahalko da. Epe hori igarota, egonaldia berritu beharko da, lekua baldin badago.
  • Izena ematean ordainduko da. Dirua ez da itzuliko, aterpera ez joateko arrazoia edozein dela ere.

Aterpea utzi aurretik, honako hauek egin beharko dira:

  • Tresneria guztia garbitu, eta armairuetan utzi, txukun-txukun.
  • Lurrak eskobatu eta urez garbitu; nahaiak garbitu; eta literak, koltxonetak eta mantak batuta utzi.
  • Suak ondo amatatu; uraren giltza itxi; eta ate eta leiho guztiak ondo itxita daudela egiaztatu.
  • Erabilitako egurra berriro hornitu, zegoen beste egon arte.
  • Zaborra Zeanurira jaitsi (plazako edukiontzira).

Aterpearen argazkiak