Klubaren historia

  1. urtea da. Isidoro Gurtubai da Basauriko alkatea, eta Evaristo Oñate idazkaria. Garai hartan sortu zen «Club Deportivo Basconia», Ricardo Ibarrondo lehendakari zuela. Kirol Kontseilu Nagusiak dioenez, 1913ko martxoaren 14an jaio zen mendi-taldea: egiaztatu dute haien erregistroetan dagoela, 19 probintzia-zenbakiarekin eta aipatutako datadun estatutuekin. Hasieran, zenbait atalek osatzen zuten Kluba, futbol-taldea eta alpinismo-taldea barne. Hori bai: guztiek zuten izen bera (halaxe jasotzen du 1928ko idatzi batek, non orduko lehendakariak, Aranburu jaunak, diru-laguntza eskatzen dion Basauriko Udalari). Beraz, 1913tik 1969ra, «Club Deportivo Basconia, Sección de Montaña» izan zen Kluba (Mendi Atala, alegia) —eta, gaur egun, gurea eta Futbol Atala baino ez dira existitzen—.

Sorreratik gaur egunera arte


HASTAPENAK

Club Deportivo Basconian mendi-atala sortu eta gero, martxan hasi zen taldea. Lehen 11 urteetan ekimen soil eta mugatuak egin zituzten —egun erdiko lagunarteko txangoak, gehienbat—. Mendiari lotutako lehen berri espezifikoa da Klubaren ordezkaritza bat izan zela «Federación Vasco-Navarra de Alpinismo» delakoa eratzeko ekitaldian (1924ko maiatzaren 18an izan zen, Elgetan). Gero, 1925ean, Klubak lehen txango ofiziala antolatu zuen, Gorbeaganera; ehun mendizale inguruk hartu zuten parte, neska zein mutil, klubaren bandera aldean zeramatela.


BERPIZTEA

Mendi-atala berriro antolatzea erabaki zuten 1953, eta, hala, General Mola 7n (Romualdo Zelaiaren tabernan) finkatu zuten egoitza, behin-behinean. Hurrengo urteetan irteerak eta ekitaldiak egin zituzten. Goardia Zibila izan ohi zen horien «lekuko».


60KO HAMARKADA

Garrantzi handiko hiru gertaera historikok arrastoa utzi zuten Alpino Basconian, 60ko hamarkadan:

  • Iondokortako aterpetxea eraiki eta inauguratu zuten.
  • Klubaren urrezko ezteiak (1963an). Horren kariaz, Begoñako Ama Birjina jarri zuten Gorbeaganen.
  • Ama Birjina berria jartzea (1967), eta Basauri-Gorbea Gaueko Martxaren lehen edizioa.


AMA BIRJINA

1962 bukaeran, eta mendi-taldearen 50. urteurrena ospatzeko, sona handiko ekitaldia egitea pentsatu zuen orduko Zuzendaritza Batzordeak, mendizaleen artean oihartzun handia izango zuena. Garai berean, Ama Birjinaren irudia urperatu zuen CEVASek Gaztelugatxen; eta, ideia hori oinarri hartuta, Basconiari bururatu zitzaion Ama Birjinaren irudia jartzea Gorbeaganen. Zeanuriko Udalari baimena eskatu, eta baiezkoa eman zieten. Ideia indarra hartzen joan zen berehala, eta, hala, Larrea eskultoreari enkargatu zioten estatua egiteko. 60 cm-ko eta 40 kg-ko irudia egin zuen, Ontoriako harrian, eta 6.000 pezetatan.

Ekainean jartzea erabaki zuten. Eguna heldu, eta han joan ziren. 600 kg haitz, eta 30 kg-ko metalezko egitura behar izan zituzten Ama Birjina tontorrean jartzeko. 1963ko ekainaren 18an igo zuten material hori guztia zenbait boluntariok. Ama Birjina, berriz, Juan Astondoa artzainak igo zuen aurreko egunean, bizkar gainean, Egiriñaotik tontorreraino. Hori bai hori, balentria! 40 kg pisatzen zuen irudiak! 1966ra arte iraun zuen estatuak, urte hartan mutilatuta agertu zen eta. Desagertuta zeuden umearen eta Ama Birjinaren buruak. Gertaeren berri eman eta berehala, irudi berria egiteko zenbait ekarpen partikular jaso zituen taldeak. Handiena, Espumosos Gorbeak egin zuen: 28.000 pezeta. 1967an inauguratu zuten irudi berria, ekainaren 25ean, hain zuzen ere (aurreko egunean jarri zuten). Gorbea inguruko bazter guztietatik hurbildu ziren mendizaleak inauguraziora: 2.000 bat bildu ziren.

Aipatutako ospakizun  handiez gain, beste gertakari edo mugarri esanguratsu batzuk ere izan ziren ordutik aurrera:

  • 1961­­– Lehen txangoa, Paco Sáinz de la Mazarekin, Picos de Urbiónera. Klubeko beste kide bat izan da Paco beti, haren autobusean paraje berriak ezagutzera joan garen kuadrilla eta familiarentzat. Urte bereko maiatzaren 14an, 2. Martxa Intersoziala antolatu zuen Klubak.
  • 1963– Klubaren urrezko ezteiak zirela eta, perretxiko erakusketa antolatu zuten taberna sozialean, irailaren 26tik urriaren 4ra bitartean. Egunero jartzen zituzten perretxiko natural berriak, eta hitzaldia egoten zen, Arrasate jaunarekin. Erakusketa oso arrakastatsua izan zen. Urte hartan Teidera eta Peña Guajorrera igo zen Kluba, eta Marokoko Tubkal tontorrera ere bai.
  • 1964– Talde alpinoarekin lehiatzen zen lehenengo emakumearen arrastoak. Felisa Fernández izan zen, eta 66.476 m egin zituen mendietan zehar. 1968an brontzezko domina eman zion Espainiako Mendi Federazioak. Urte berean, «Federación Vasco-Navarra»ren batzarrak Grupo Alpino Basconia antolatu zuen.
  • 1969– Gaur egun Klubaren egoitza diren lokalak erosi zituzten.
  • 1970– Aktek diote maiatzean (urte bereko urtarriletik aurrerako eraginekin, betiere), izena aldatu zuela Klubak: «Club Deportivo Basconia, Sección de Montaña» izatetik, «Grupo Alpino Basconia» deitzera pasa zen. Espainiako Federazioak, bere aldetik, dio aldaketa 1965-66an izan zela. Datek ez dute bat egiten, eta horren arrazoia izan daiteke Federazioak izendapen berria onartzen zuela data hartatik aurrera (nahiz eta, oraindik, izena ofizialki aldatuta egon ez; izan ere, garai hartan zailak ziren izenak legeztatzeko izapideak). Bestalde, urte hartan sinatu zituzten lokal berriaren erosketaren eskriturak (gaur egungo egoitza: Fleming doktorea 2, behea). Bazkide batzuek amaitu egin zituzten Euskal Herriko ibilbideak, eta, 1970etik aurrera, Klubeko jarduera-egutegian jaso ziren. Era berean, mendian zeharreko Bizkaiko Bira egiteko oinarriak finkatu zituzten, eta haurrentzako altuera-txapelketaren arauak.
  • 1971– Zenbait jarduera elkarrekin antolatzeko ahaleginak bateratzea erabaki zuten bost klubek: Edesa, Osea, Padura, Ganguren eta Basconia. «Agrupación Nervión Ibaizabal (ANI)» izena jaso zuen elkartze horrek, eta, gero, 1975ean, Ceplastica batu zitzaien. Hasieran ondo zihoan dena, baina, denborak aurrera egin ahala, ozpinduz joan zen giroa, eta, 1977an, taldea desegitea erabaki zuten, urteko batzar orokorrean.
  • 1972– Klubaren estutasun ekonomikoa medio, eta lokal berrian egin beharreko obrak ordaintzeko, zenbait zozketa egin zituzten. Besteak beste, Renault 8 bat zozkatu, eta saldu gabeko txartel bati tokatu zitzaion. Horrelaxe ekin genien lokaleko obrei.
  • 1972– Material guztia egoitza berrira eraman zuten. Goi-mendiko txapelketa sortu zuten (gero eta sarriago egiten baitzituzten irteerak Piriniotara eta Picos de Europara).
  • 1975– Pedro Astigarraga hil zen Picos de Europan, Peña Santa mendigunera igotzen zegoela (taldeak, gero, oroigarria jarri zuen han, gorazarre egiteko). Mendi libreen txapelketaren lehen edizioa izan zen. Uztailaren 14an egoitzaren inaugurazio ofiziala izan zen, eta Klubaren urrezko ikurra eman zioten José Luis Ortegari. Fernando Barquínek Kluba bedeinkatu zuen. Bestalde, Haurren Atala birsortu zuten 1975ean: akanpada 2, zenbait irteera eta hiru martxa neurtu egin zituzten.
  • 1976– Askatasun haizea debekatutako eremu batzuk astintzen hasi zen (adibidez: euskara). Lehenengo txartelak eta kartelak egin zituzten, eta Klubaren izena euskaratu egin zuten: aurrerantzean, BASKONIA MENDI TALDEA izango zen, maila ofizial guztietan. Baselizen txapelketa sortu zen. Juan Legorburu bazkidea hil zen, Cervinora egindako txango batean (Suitza). Javier Pozas Tirich Mireko tontorrera iritsi zen (Himalaya). Jardueren egitarauari dagokionez, lehen aldiz agertu zen, ofizialki, bertsio elebiduna. Eta urte amaierako indaba-jana egiten hasi ziren, Morgan, amaiera emateko urteko mendi-jarduera ofizialei.
  • 1978– José Luis Ortegak hartu zuen haurren atalaren ardura, eta, horri esker, indar handia eskuratu zuen atal horrek.Horrela, bada, 1979an haurrentzako jardueren lehen egitaraua prestatu zuten. Bestalde, mendi-ibilaldi finkoen txapelketa abiarazi zuten; eta, Klubaren autobusean egindako irteerak sustatzeko, zenbait ara ezarri zituzten (hasieran ika-mikak eragin bazituzten ere, bazkideek, azkenean, onartu egin zituzten). Adibidez: txapelketan parte hartu ahal izateko, irteera bitara joan behar zuten bazkideek, gutxienez.
  • 1980– 470 ume agertu ziren haur-ibilaldira. Atal hori indartu nahi zutela eta, Klubak irteeren kostuaren % 50 ordaintzea adostu zuten.
  • 1981– Ekologia Egunaren 1. edizioa antolatu zuen Baskonia Mendi Taldeak: arbolak landatu zituzten Basaurin. Bestalde, lehendakariaren agintealdia bi urtera mugatzea erabaki zuten.
  • 1982– Klubaren irteera ofiziala Mont Blancera. 15 lagun heldu ziren tontorrera.Lokalean telefonoa jarri, eta liburu-denda abiarazi zuten.
  • 1983– Uholde larriak. Eskalada-soka bi zituzten bazkideek laguntza eman zuten uretatik jendea eta gauzak salbatzen.
  • 1984– Jugoslaviara irteera antolatu zuen Klubak. Triglavera igo ostean (2.863 m), José Luis Ortega bazkideak esan zuen ondoezik zegoeal, eta ordu gutxi batzuk geroago, hil egin zen. Abuztuaren 13an izan zen. Ordutik aurrera, Balbinek hartu zuen haurren ardura. Lan handia egin zuen: Klubak Basauriko ikastola eta ikastetxeekin zituen harremanak estutu zituen, mendizaletasunaren mesedetan.
  • 1985– José Luis Ortegaren omenezko plaka jarri zuten Gorbeian, Ama Birjinaren azpian.Atxarten eskalatzen zegoela, hil egin zen Joseba Andoni Aguado bazkidea (bere garaian Zuzendaritza Batzordeko kide izandakoa). Lehendakari berria hautatzeko arazoak eta gero (ez zegoen boluntariorik), eta, beste batzar orokor bat egin ostean, Ángel P. de Herediak aurkeztu zuen bere burua. José Luis Ortega Memorialaren I. edizioa egin zuten.
  • 1986– Aurea Pereperiañezi omenaldia. 11 urte eman zituen Klubeko idazkari lanetan.Eliseo Lejarza izendatu zuten Klubeko kapilau, eta, horren ikur gisa, txapela jantzi zioten. Baskonia Mendi Taldearen 75. Urteurrena ospatzeko ekitaldiak prestatzeko batzordea antolatu zen. Urte amaierako indaba-janean, omenaldia egin zioten Paco Sáinz de la Mazari, Klubari 25 urtez autobusarekin emandako zerbitzua eskertzeko.
  • 1987– Klubaren 75. urteurreneko egitaraua prestatzen ibili ziren, ekitaldiak eta jarduerak.

  1. URTEA
Toki gehiago eta ohorezko postua merezi du urte horrek. Klubaren historiara pasa da, gaur egun arte jarduera gehien eta parte-hartze altuenak izandako urtea izan zelako. Aipatzekoa da urte hartako jarduerak prestatzen, antolatzen eta zuzentzen ibili ziren bazkideen taldea. Ilusio handiz egon ziren urte haren zain Klubeko bazkide guztiek. Urtarrilaren 1ean, ohi bezala, Gangurenera irteera egin zen. Hantxe ospatu zuten urte berriaren etorrera, suziri, xanpaina eta abarrekin.

Otsailaren 2an, berriz, prentsaurreko garrantzitsua eman zuen Klubak, kideen talde batek egindako MONTES DE LA CUENCA DEL NERVIÓN liburua aurkezteko (gaur egun, agortuta dago). Komunikabide garrantzitsuenak izan ziren bertan. Mendizaletasunari buruzko liburu tekniko hark zorion ugari jaso zituen, Urduñako Nerbioitik hasi eta Basauriko Ibaizabalerainoko mendietan zehar egindako ibilbideagatik eta jasotako ekarpenengatik. Guztira, 34 mendi biltzen ditu lanak, ibilbide, igoera eta guzti. Otsail hasieran Mendizaletasunaren Kultur Astearen I. edizioa egin zuten (75. urteurrenarena). Lehen aldiz antolatu zuen Klubak, osorik antolatu ere, eta jendeak oso ondo hartu zuen. 918 lagun hurbildu ziren antolatutako bost hitzalditara.

Apiril eta ekaina bitartean, izotz eta haitzezko eskalada-ikastaroa egin zuten. Zati teorikoa Klubean bertan izan zen, eta praktikoa, berriz, Piriniotan (izotza) eta Bizkaian (haitza). 42 lagunek hartu zuten parte. Maiatzarekin batera, Argazki Txapelketaren IV. edizioa izan zen, 15-21 bitartean. Gai nagusia, ohi bezala: mendia. Zuri-beltzezko 32 eta koloretako 58 erretrato aurkeztu zituzten 23 parte-hartzaileek. Argazkigintza Atalak, bere aldetik, 43 parte-hartzaileren 379 ale izan zituen, gai berarekin. Ekainaren 12an, «Mendi Bozineroen» ibilaldiak egin zituzten: data bereko ordu berean, ohiturak agindu bezala, sua piztu zuten tontor «bozinero» bakoitzean, eta, gero, ekimenaren omenezko plaka bat jarri zuten tontorretako bakoitzean. Gero, adarra jo, eta tontor guztietatik Basaurira heltzen ziren. 07:00etan irten, eta 19:00etan ailegatu ziren. 56 lagunek hartu zuten parte, honako tontor hauetatik abiatuta: Gorbeia, Oiz, Ganekogorta, Kolitza eta Sollube.
Ekainaren 26an, berriz, urteko ekitaldi nagusia egin zuten: Gorbeian Begoñako Ama Birjina jarri zutenetik 25 urte igaro zirela ospatu zuten, eta, gainera, 75. urteurreneko egun nagusitzat finkatu zuten aipatutako data. Urtero bezala, Basauri-Gorbeia gaueko martxa abiatu zen Basauritik 00:00etan. 27 mendizalek hartu zuten parte. Tontorrean meza egin eta gero, Bizkaiko ezpata-dantza dantzatu zuen Basauriko Edurre Dantza Taldeak. Horren ostean, loreak eskaini zizkioten Ama Birjinari. Eguerdian bazkaria izan zen, Pagomakurreko ostatuan. Omenaldia egin zieten bazkide historikoei (batzuek, 80 urte baino gehiago zituzten!) eta Baskoniak, berpiztu zenetik (1953an), izandako lehendakariei.
Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Mendizaleen Federazioak aitortza-plaka eman zioten Klubari. Uda eta gero, irailean, mendizaletasunaren historiako ibilaldi bitxi horietako beste bat egin zuten: Gaueko Ibilaldi Neurtuaren I. edizioa. Guk dakidala, ez dago beste inongo klubik horrelakorik antolatu duenik. José Luis Ortega Memorialaren IV. edizioaren data berean izan zen ibilaldi neurtua. Horrela, bada, irailaren 25eko 00:00etan irten ziren Basauriko Udaletik. Malmasin, Txusen iturria, Pagasarri, Munagane mendixka, Zollo, Ugao, Artanda. San Segismundo eta Zaratamo ibili eta gero, Basaurira iritsi ziren, Baskonia Mendi Taldearen egoitzara. 07:30ean heldu ziren lehenengo taldeak, eta azkenak, berriz, 08:10ean. 41 mendizalek egin zuten ibilaldia, eta eguraldia zoragarria izan zen: ilargi betea izan zen, gau osoan zehar.
Urrian izan zen Klubaren erronka handia, urriaren 23an, hain zuzen ere. Data hartan, martxa bi antolatu zituen Baskonia Mendi Taldeak: batetik, haur eta gazteentzako ohiko ibilaldi neurtua egin zuen Klubak (urtero egiten dute, data horietan); eta, bestetik, Beteranoen Martxa Nazionala antolatzeko mandatua egin zion Euskal Mendizale Federazioak Baskoniari. Lehenengoan, haur eta gazteentzako ibilaldi neurtuan, 1.290 lagunek hartu zuten parte. Bigarrenean, berriz, 104 parte-hartzaile izan ziren (zaharrena, 73 urtekoa).

Abenduan Mendiaren Kultura Astearen II. edizioa antolatu zuten, eta, hitzorduaren azken egunean, Pyrenaica sariak banatu zituzten (besteak beste, mendiko diapositiba onenaren saria jaso zuen José Mª Agustín Baskoniako kideak). 756 lagun erakarri zituzten ekitaldiok.

1988an zehar, gainera, «Pirinioko Hirumilak» izeneko jarduera garatu zuten: 72 gailurrera igo, eta horietako 37 igoera errepikatu ere egin zituzten. Guztira, 109 tontor igo zituzten Piriniotan, 3.000 metrotik gorako mendietan. Baskoniako kideek igo zituzten guztiak. Ezin urtea itxi pasadizo bat kontatu gabe. Izan ere, mendiko txartel bi iritsi zitzaizkigun, Iruñetik heldutako gutun batean. Grupo Alpino Basconiarena zen bata, eta Bilbao Alpino Clubena bestea. Aipatzeko ezer ez dagoela eman dezakeen arren, datu batek arreta ematen du: Iosu Ansoleaga mendizaleak jaso zituen txartelok, Kalaberagain mendiaren tontorrean (848 m), baina, antza denez, ia 27 urte zeramaten han: 1962ko otsailaren 25eko 12:00etatik.

Azaroaren 27an bazkideen urteko bilera izan zen, eta urtean zeharreko jardueren berri eman zuten. Zuzendaritza Batzordea aldatzeko garaia zen, baina ez zen boluntariorik sortu. 10 minutuko atsedenaldia eta gero, bazkide talde batek proposatu zuen Lander Pérez de Heredia izatea hurrengo lehendakaria. Onartu zuen kargua, baldintza batekin: bera proposatu zutenak Zuzendaritza Batzordeko kide izatea, edota lehendakariari laguntza ematea, beharrezkoa zen guztietan. Gaur egun, oraindik ere, Lander da Baskoniako lehendakaria.

Urtea amaitzeko, eta ohiturari jarraituta, abenduaren 31n Gorbeiara igo ziren bazkideak, urteari eta Klubaren 75. urteurrenari agur esatera.


1989-1999 URTEAK

  • 1989– Jarduerak egiten jarraitu, eta Klubaren historiari buruzko liburua argitaratu zuten.
  • 1990– Aurreko bi urteetan zehar sukalde berria egiten hasi ziren aterpean. 1990ean, obra amaituta, inauguratu egin zuten, eta sari-banaketa Iondokortan egin zuten.
  • 1991– Taldearen berezko jarduerez gain, Nervión Ibaizabal Elkartearekin batera ere hasi ziren gauzak egiten.Ángel Jiménez Arteche bazkidea hil zen, Cebolleran. Aterpearen zati zaharra berritu zuten. 1977an, Gorbeiako Ama Birjinaren koroa desagertu zenetik, hura zelan eta noiz ordeztu pentsatzen ibili ziren. Bada, 1991n, azkenik, brontzezko koro berria egin zigun ARETAko FUNDICIONES NERVIÓNek, doan (kalkulaezina da lana egiteko emandako denbora eta lana bera). Eta, ekainaren 15ean, itsasgarri berezi batekin, koro berria jarri zioten Ama Birjinari. Ordea, hil batzuk beranduago, bazkide batek bueltan ekarri zigun, solte aurkitu zuen eta.
  • 1993– Basauriko Kirol Erakundeak plaka bat eman zion Baskonia Mendi Taldeari, abenduaren bian, «UDALERRIAN EGINDAKO KIROL-LANA» aitortzeko.
  • 1994– Estatutu berriak, Klubeko atal guztietarako.Alejandro Moreda bazkidea hil zen Espigüete mendian.
  • 1997– Jarduerak egiten jarraitu, eta gora egin zuen bazkide kopuruak. Horrek adorea eman zion Klubari, mendizaletasunaren alde lanean jarraitzeko.Informatika heldu zen bulegora: 100 MHz-eko ordenagailua erosi zuten.
  • 1998– Carmen González Córdoba bazkidea desagertu zen Nevado Huascaránen (Peru).Bigarren ordenagailua erosi, eta aurrekoarekin sarean konektatu zuten. BASKONIA MENDI TALDEAren webgunea sortu zen. Obrak lokalean: bulegoa handitu, eta komun berriak egin zituzten.
  • 1999– Gas naturaleko berogailuak jarri zituzten lokalean.99/12/31n bertan behera geratu zen Nervión Ibaizabal Elkartearekiko lankidetza, elkarte horretako kideek eskatu zutelako sariak batera banatzeko. Jesús María González Ramos bazkidea hil zen Sajama mendian (Bolivia). Ekainaren 19an saiatu ziren Gorbeiako Ama Birjinaren koroa soldatzen, baina eguraldi txarrak eragotzi egin zuen. Urriaren 9an, eta Gorbeiako Parke Naturaleko kudeatzailearen baimenarekin, soldadura-ekipora igo, eta koroa soldatu zuten (aurrekoak baino apur bat gehiago iraungo zuen esperantzarekin).

2000KO HAMARKADA – XXI. MENDEA

Mende berriaren hasieran, 1.100 bazkide baino gehiago zituen Baskonia Mendi Taldeak, eta 200 federatu inguru. Azpimarratzekoa da mendi-ibiltaritza klubeko protagonista bihurtzen joango dela hurrengo urteetan, betiko mendi-erronkekin batera. Eskalatzaile handien harrobia ez bada ere, Himalayetan, Alpeetan, Andeetan eta Afrikako mendirik altuenean egoten jarraitzen dugu. Hona hemen urte hauetako mugarri esanguratsuenetako batzuk (liburu osoa webgune honetako beste atal batean dago; hantxe dituzue xehetasun gehiago):

  • 2000– Donejakue bideari ekin zioten, Frantziako bidetik. Donibane Garazitik abiatuta, Napoleónen bidetik igo, eta Orreagara heltzen da bidea. Nafarroa, Errioxa, Burgos, Palentzia, Leon, Lugo eta A Coruña datoz gero, eta, amaieran, Santiago de Compostela. Oso harrera ona izan zuen ekimenak: bazkide ugari apuntatu ziren, eta bete egin ziren toki batetik bestera joateko autobusak. Haurren Atala itxi zuten, monitorerik ez zegoelako.
  • 2001– Gorbeiako lehen gurutzearen inaugurazioa ospatu zuten, azaroaren 12an. Oso eguraldi txarra egin zuen: euria, izotza eta haizea. Klubeko zenbait bazkide izan ziren egun hartako ekitaldian eta asteburu osoan zehar.
  • 2002– Gipuzkoako bira hasi zen.
  • 2003– Afrikako tontorrik garaiena den Uhur Peak-Kilimanjarora iritsi ziren klubeko bi mendizale (5.895 m ditu mendiak). Abenduan GR-11 edo Pirinioetan Zeharreko Ibilbideari ekin zioten. Kantauri Itsasoa eta Mediterraneoa elkartu nahi zituzten, Pirinioetatik. Hendaiako hondartzatik abiatu ziren, eta, hainbat urtean zehar, xendrak eta tontorrak ibil zituzten, Gironako kostaldeetara iritsi arte.
  • 2004– Errege Egun inguruan postontziak jartzeko ohitura hasi zuten urte hartan: «Rosko Eguna» izena jarri zioten. Egun horretan, postontzi berri bat jarri edo jada jarrita dagoen bat ordeztu, eta, jarraian, ospatzeko, errege-erroska jaten zuten. Urteek aurrera joan ahala, erroskari txokolatea eta abar batu zaizkio. Bada, 2004ko urtarrilaren 6an, Malmasin gure mendi kuttunean jarri genuen postontzia, Klubak lehenago jarritakoa nahiko hondatuta zegoen eta.  Horrez gain, Aste Santuan Donejakue bidea burut zuten, 32 etapa egin eta gero. Santiago de Compostelako azken ekitaldirako, euskal dantzen taldea inprobisatu zuten, eta Obradoiro plazan dantzatu ziren. Bestalde, azaroaren 14an Bizkaiko Birari ekin zioten. Lehenengo etapa: Basauri-Sopela.
  • 2005– Martxoan Gipuzkoako Bira amaitu zuten, 16 etapa eta gero. Donejakue bidearen bigarren edizioari ere ekin zioten, iparraldeko bidetik. Bestalde, Gorbeiako aterpean berritze-lan sakona hasi zuten, aurreko urteko neguan teilatua erori baitzen. Kirolaren Gala izan zen Basaurin, eta sariak eman zizkieten Baskoniako bi bazkideri: Paco Percebali (Klubean buru-belarri aritzeagatik eta emandako laguntza handiagatik) eta Fernando Zaballari (Basauriko urteko kirolaririk onena).
  • 2006– Lapurdiko Bira hasi zen: ibilbide zirkularra, Hendaiatik abiatuta eta bertara itzulita.
  • 2007– Lapurdiko bira amaitu zuten uztailaren 17an. Eta urrian GR-93ri ekin zioten: 26 herritatik igarotzen den «Sierras de la Rioja». Ama Dablameko tontorrera heldu zen Baskoniako kide bat (6.812 m-ko mendia). Abenduaren 16an Bizkaiko Bira amaitu zen, Olaeta eta Ubidea arteko ibilbidearekin. Guztira, 21etapa egin zituzten.  Azkenik, abenduaren 30ean Arabako Bira hasi zen, Miranda de Ebro inguruan.
  • 2008– Donejakue bidea amaitu zuten Aste Santuan: Santiago de Compostelara iritsi ziren iparraldeko bidetik. Gero, uztailean, Finisterreraino luzatu zuten, eta, hiru egunetan, Finisterreko itsasargiraino heldu ziren; han, Costa da Morten, ohiturari jarraituta, itsasoan bainatu eta bieira-oskola hartu zuten, etxera bueltan ekartzeko. Abuztuan, berriz, bazkide batzuk Cervinoren tontorrera heldu ziren (4.478 m).
  • 2009- Karlos V. ibilbidea hasi zuten martxoan. Laredotik abiatuta, Yusteraino heltzea zen asmoa. Bestalde, Picos de Europako birari ekin zioten maiatzean, Potesetik (ibilbide zirkularra). Ekainean Fontibretik Tortosaraino doan Ebroko Ibilbidea ere hasi zuten (GR-99).  Irailaren 27an Nafarroa Behereko eta Zuberoako birak inauguratu zituzten. Errioxako mendilerroetan zeharreko ibilbidea amaitu zuten urrian: Ezcaraytik irten, eta Cornagoraino heldu ziren. Baskoniako kide batek, bestalde, Island Peak-a igo zuen (6.189 m); eta beste bi, berriz, Boliviako mendi garaienetan egon ziren, Illimanin kasu (6.438 m).
  • 2010– Se sale en verano a Pirineos a la zona de Andorra y Lleida realizándose picos como Pic de la Serrera de 2913m, Pic Carlit 2921m, y Pic Tristiana 2876m, Tuc de Molieres 3010m. En Septiembre, una montañera del club asciende el Sajama de 6542m, máxima altitud de Bolivia, entre otras montañas. Este año se inician los preparativos para la celebración del centenario del club. Se crea una comisión compuesta por siete socios y dos más de la junta directiva actual.
  • 2011– Argentinako Aconcagua tontorrera iritsi ziren Klubeko bi bazkide (6.958 m-ko mendia, Amerikako garaiena). Gero, martxoan, klubeko beste bazkide batek lortu zuen. Klubean proiekzioak egiten hasi ziren: ekainean Pako de Dios mendizalea aritu zen, Ama Dablamera egindako igoerari buruz. Udan irteera egin zuten, Pirinioetara, Andorrara eta Val d’Aranera. Irailean, beste hitzaldi bat: «Sajama, techo de Bolivia», Jon Karla Larrañagaren eskutik; eta, urrian, «Aconcagua, techo de América», José Ramón Alonsorekin. Azaroan, Korsikako GR-20ari buruzko proiekzioa eskaini zuen José Martín hizlariak.
  • 2012– Aste Santuan Benidormera joan zen Baskonia. Puig Campanara (1.406 m) eta Aitanara (1.559 m) igo ziren. Maiatzaren 1ean, berriz, Picos de Europako Bira burutu zuten: Potesera itzuli ziren, 14 etapa egin eta gero.
  • Udan, Marokora joan zen Kluba. Mgoum mendiaren tontorrera iritsi ziren espedizioko 41 mendizaleak (4.068 m). Oso gutxi dira, izan ere, lau milako bat igo duten talde hain handiak. Klubeko beste bi mendizale Alpeetako zenbait tontor igo zituzten abuztuan (besteak beste, Mont Blanc, 4.810 m). Eta Klubeko beste bi bazkide Elbrus mendia igo zuten (5.642 m, Europako mendirik garaiena). Beste hiru hitzaldi egon ziren Klubean. Azaroan, bestalde, «mendeurrenaren ardoa» aurkeztu zuten. Ramírez de la Piscina upategiak egin zuen (San Vicente de la Sonsierra), eta oso harrera ona izan zuen.

2013- GURE MENDEURRENA

Oso urte berezia Baskonia Mendi Taldearentzat: mendizaletasunean ehun urte bete genituen. Mendeurrenaren Batzordeak ekitaldi asko prestatu zituen. Baskonia Mendi Taldearen historiari buruz urte hartan bertan argitaratutako liburuak jasotzen ditu horien xehetasunak. Bazkideek oso ondo erantzun zieten klubak urte hartan egindako deialdiei. Hona hemen 2013ko gertakari aipagarrienak:

  • Otsailak 7: mendeurrenaren egitarau ofizialaren aurkezpena, eta bizirik zeuden lehendakariei omenaldia (zortzi ziren). «Mendeurrenaren urratsa» eman genion gurekin batera sortutako Basconia futbol taldearen lehendakariari (haiek ere ehun urte bete zituzten eta). Ibaizabal arroko mendiak liburuaren aurkezpena (euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu zuten). Klubeko zenbait bazkideren artean egin zuten.
  • Otsailak 8: BMTren argazki historikoen erakusketa inauguratu zuten, Arizko Dorretxean. Basconia tutbol taldeak ere erakusketa egin zuen, alboko aretoan. Martxoaren 8an San Migeleko Taberna Nagusira eraman zuten erakusketa; eta, uztailaren 1ean, Pozokoetxe Kultur Etxera.
  • Otsailak 15: euskal mendizaletasunaren gala, XVII. Edizioa.
  • Martxoak 5 eta 7: hitzaldiak Soloarte txokoan eta San Jose Ikastetxean, gure klubaren ehun urteei buruz.
  • Martxoak 14: klubaren urtebetetze-eguna. Kukurrustura igo ginen (Basauriko punturik garaiena), eta, mendeurrenaren oroigarri gisa, plaka jarri genuen bertan. Arratsaldez, «mendeurrenaren urratsak» banatu genizkien zenbait laguntzaileri. Ekitaldia amaitzeko, bertaratuok mendeurrenaren tarta dastatu genuen.
  • Martxoak 16: «Ehun urte» ekitaldia, Social Antzokian. Mendeurrena ospatzen genuen herriko bi elkarteok pentsatu eta garatu genuen. Klub bien zenbait mugarri antzeztu zituzten, eta, pasarte bakoitzean, gorazarri egin zioten taldeotako izen handiei, Basauriko musikak lagunduta.
  • Martxoak 21: Korrikan parte hartu zuen Baskonia Mendi Taldeak: lekukoa eraman genuen Basauriko kilometro batean zehar (bi zatitan banatuta).
  • Martxoak 28: Karlos V. ibilbidea amaitu genuen Aste Santuan: Yusteko monasteriora iritsi ginen. Guztira, 23 etapa izan ziren, lau urtean zehar.
  • Apirilak 17: Descenso del Gran Cañón del Colorado filma eman genuen klubean. Hizlaria: Carlo Escribano.
  • Maiatzak 7: Lortu genuen Sociedad Filatélica delakoak Estatu mailako zigilua jartzea martxan, Baskonia Mendi Taldearen eta Club Deportivo Basconiaren 100. urteurrenaren kariaz. Klub bien ikurrak jasotzen ditu zigiluak: Gorbeiako gurutzea (gure kasuan) eta Basozelaiko futbol-zelaia (besteen kasuan).
  • Maiatzak 19: mendeurrenaren «Mugarriz mugarri»a. Basauriko erakundeak omendu genituen.
  • Ekainak 2: Basauriko Piru Gainza peñak Basauriko kirol-erakundeen saria eman zigun Baskonia biei.
  • Ekainak 8-9: irteera Ibaizabal arroako mendietara. Izen bereko liburuan jasotako ibilbide guztiak egin genituen (lehenago esan bezala, liburua klubeko bazkideek idatzi zuten, eta guk geuk argitaratu genuen).
  • Ekainak 16 eta 17: Basauri-Gorbeia gaueko martxa. Goizean, Gorbeiako gurutzean elkartzea. Klubak Ama Birjina gurutze azpian jarri zueneko 50. urteurrena ere ospatu zuten. Meza egon zen gurutzean, eta, 25 urte lehenago egin bezalaxe, Edurre dantza-taldeak dantzari-dantza osoa dantzatu zuen, jantzi tradizionalak jantzita. Gainera, omenaldia egin zieten Espumosos Gorbeari, haiek izan baitziren 1967ko brontzezko Ama Birjinaren bigarren irudiaren zati handiena ordaindu zutenak (jatorrizko harrizkoa ordeztu zuen bigarren horrek).
  • Ekainak 24: Galdakaoko Ganguren Mendi Taldeak, klubaren lehendakariak eta alkateak lagunduta, Gorbeiako gurutzearen kopia eman zion Baskonia Mendi Taldeari. Gure lokaleko apaletan daukagu.
  • Uztailak 14: Mendi bozineroak. Hogeita bost urte lehenago egin bezalaxe, helburua zen bost mendi bozineroen tontorrak elkartzea: horietatik abiatu, eta Basauriko plazan amaituko zuten mendizale-taldeek.
  • Uztailak 31-abuztuak 11: Goi-mendiko irteera Esloveniara. Besteak beste, Triglavera igo ginen.
  • Irailak 8: Egun latza Baskonia Mendi Taldearentzat. Pirinioetara egindako irteera batean, Frondiellas menditik jeisten, Luis Peña Aretxaga bazkidea zendu zen. Jaitsieran istripua izan, eta hil egin zen.
  • Urriak 1: «Hemendik» Sariaren VI. edizioan, gure mendeurrenarengatiko saria banatu zigun Deia
  • Urriak 9: Club Deportivo Basconiak mendeurrenaren omenezko garaikurra eman zion Baskonia Mendi Taldeari, Athleticek eta Mirandések jokatutako partidaren atsedenaldian.
  • Urriak 11: Sanfaustoak Basaurin. Mendeurrenaren klub biak hautatu zituzten pregoilari. Pregoia irakurri genuen udaletxeko balkoitik, kuadrillen jaitsiera hasi aurretik.
  • Azaroak 10: Mendeurrenaren haur-martxa. Arrigorriagako Burbustu auzotik abiatu, eta Upoko San Segismundo lepora igo ziren. Gero, Otzagarri, Makatzaga eta Zaratzetatik Bilbondoraino heldu, eta hantxe amaitu zuten ibilbidea.
  • Azaroa: II. mendi-jardunaldiak. Azaroaren 12an izan ziren. Alex Txikonen Laila Peak bajo cero eskaini genuen. Azaroak 19: Kepa Lizarragaren Cómo preparar una marcha de fondo. Eta, azaroaren 26an, Elogio del fracaso, Alberto Iñurrategirena.
  • Azaroak 28: Bizkaia Kirolak Saria 2013 eman zigun Bizkaiko Foru Aldundiak ehun urte betetzen genituen talde bioi. Foru Jauregian izan zen ekitaldia.
  • Abenduak 1: Gure herrian euskara bultzatzeko «Basaurin Be Bagara» ekimenean parte hartu zuen Baskonia Mendi Taldeak.
  • Abenduak 11: Jose Martinek Elbrusera egindako igoerari buruzko filma eman genuen, klubaren lokalean. Jose Maria Artaraz («Kaiku») eta Mauricio Lopez de Aberasturi («Mauri») ere igo ziren. Baskonia Mendi Taldeko bazkideak dira hirurak.
  • Abenduak 14: FEDME Mendi Kiroletako eta Eskaladako Espainiako Federazioak saria eman zion Baskonia Mendi Taldeari, mendeurrenaren kariaz.
  • Abenduak 15: Gorbeiako Ama Birjinaren koroa desagertu zen.
  • Abenduak 16: Euskal Herriko Ehunka Urteko Mendien Katalogoko tontor guztietara igotzeko urte osoko jarduera burutu genuen. 594 mendi igo zituzten klubeko 205 bazkidek. Luis Peñari eskaini genion ekimena (urte hartan bertan hil zen bazkidea, mendiko istripu batean).
  • Abenduak 29: urteari agur, Basaurin. Kukurrustura igo, eta Luis Peñaren familiari plaka bat eman genion, haren oroimenez.

Ekitaldi asko egin, eta aintzatespen ugari jaso zituen Baskonia Mendi Taldeak, mendeurrenaren urtean. Hasi gara ja hurrengo hitzordua prestatzen: 2038an izango da, 125. urteurrenean.

Hemen jasotako guztiari buruzko informazio gehiago jasotzen du 1913-2013. 100 urte Mendi-Magalean liburuak. Ekitaldi bakoitzaren argazkiak eta xehetasunak aurkituko dituzue bertan.

Eta, noski, lanean jarraitzen dugu, klubaren jarduerak prestatzen. Isilean ekin eta ekin ari diren bazkide horiek ezinbestekoak dira Baskonia Mendi Taldearentzat. Denei:

EZKERRIK ASKO ZURE LAGUNGATIK.