Egileek ez daukate argi zein den «Nerbioi» izenaren jatorria. Batzuek Peña Nervinarekin lotzen dute (Delika inguruan ur-jauzia dagoen ingurune horrekin). Badago izena Nerva enperadore erromatarrarekin lotzen duenik ere (oso antzinako dokumentuetan ageri da haren izena). Nervio, Nansa eta Calybe izena ere aipatu izan dute beste batzuek. Kontuak kontu (historiarako datuak dira horiek), guretzat Nerbioi da. Kitto.
Zehazki non jaiotzen den ere ez dago finkatuta. Esan ohi dugu Nerbioi-ibaiaren ur-jauzia dela haren jaiotza, baina, bistan da, hori ez da zuzena. Ikertzaileek diote benetako iturburuak Kantauri eta Mediterraneo isurialdeak bereizten dituen muga zehazgabean daudela, Arabako Gibijo eta Gillarte mendilerroen artean, ur-jauzitik km batzuk hegoaldera (Arangatxas tontorra lekuko). Uda garaian, ez dago emaririk ibaiaren magal labur eta zehazgabean. Euri-sasoian edota elurrak mendiak zuritzen dituenean, berriz, ehun metro baino gehiagoko ur-jauzia isurtzen da Delika inguruetara.
Horrela, bada, Arrastariak ongi etorria egiten dio jaio berriari. Errekaren ur gardenak sigi-saga eta bare-bare doaz Arabako bailara horretan zehar, eta, bidean, zenbait errekastoren urak jasotzen dituzte: Altos del Corral, Bagate eta Urkabustaizekoak, batetik; eta Sálvada edo Gorobelekoak, bestetik. Urduñatik sartzen da Bizkaira Nerbioi: behinola Jaurerriko hiriburu izandakoa ureztatzen du.
Gero, ibaiak iparrera egiten du nabarmen, eskuinera dagoen Garate mendiaren magalek (Urkabustaiz mendilerroaren luzapena) eta Santa Cruz tontorrak (Babioren bikia) osatzen duten arroilean zehar. Horiexek dira, era berean, Zaballatik Sálvada eta Aiarako bailararen artean dauden tontorretatik ekialdeen kokatuta daudenak. Arabara bueltan, Saratxo zeharkatu, eta Amurriora sartzen da Nerbioi. Aurrerago, Amurrio eta Luiaondo artean, lehen emari garrantzitsua hartzen du Nerbioik: Izoria ibaiaren urak.
Handik aurrera, IErantz egiten du, Pagonabarra eta Pagolar mendiak ezkerrera utzita. Lantegiz betetako Laudio herrira iritsi gara. Udalerri hori da, Amurriorekin batera, Aiarako bailararen erdigunea. Apur bat lehenxeago, eskuinetara, Jesuri eta Elorritxugane tontorrek Arrola ondoan eratutako mendigunea gainditu dugu. Santa Marina baseliza dago bertan.
Bide batez, badirudi Urkabustaizeko tontorrean bertan San Pedro de Berazaren omenezko baseliza egon zela; eta, Babion, edo handik hurbil, beste bat egon zela, Santa Cruz de Burubiori eskainia (XVIII. mende hasieran eraitsi omen zuten). Eta, Laudion gaudela, ezin aipatu gabe utzi Santa Lucía de Yermokoa, Kamaraka mendiaren magalean.
Laudio atzean utzita, indartsuago eta beteago doa gure Nerbioi: heldua da ja, eta ilundu egin zaizkio ur gardenak izandakoak. Gizakiok badugu zerikusirik horretan…
Araba eta Bizkaia arteko mugan gaude, Aretatik hurbil. Zati txiki batean zehar, ekialdera egingo dugu. Orozko ibaiaren urak gehituko zaizkio Nerbioiri. Orozko ibaia, Altube eta Arnaurik osatzen dute (bigarren hori, berriz, Itxina eta Montes de Amo direlakoen hormen bertikaletatik isuritako errekasto ugarien emaitza da). Han, goialdeetan, urrun, zenbait tontor: Aizkorrigane, Altipitatz, Gorosteta, Oderiaga, Ubixeta eta Burbona. Gorbeiako mendilerroko ur garbiak dira, Kantaurira bidalitako mezu bat…
Eta, hala, Bizkaian sartu, eta Nerbioiak iparrerantz joko du, berriro ere, Untzuetako magalek behartuta (Gorbeiako mendilerroaren azken tontorra da; tartean daude Garaigorta, Aizbelabe, Samelarre eta Arandia). Orozko eta Zeberio bailara bizkaitar garrantzitsuen arteko muga ere bada aipatutako mendilerroa.
Ezkerretara, Alpitxu tontor xumea, Goikogane arranditsura bidean mailatxo soil bat besterik ez dena. IMrantz, berriz, Kamaraka eta Ganekogortarekin lotuko dugu bidea (Bilbo inguruko mendirik garaiena).
Bizkaiko lurretan aurrera doa Nerbioi: Arakaldo, Arrankudiaga, Ugao… Azken horretan, Zeberio ibaiaren urak hartzen ditu Nerbioik (Arratia bailaratik hurbil jaio, eta bailarako urak bideratzen ditu Zeberio ibaiak).
Iparrerantz jarraituta, Arrigorriaga igaroko dugu, inguruan beste mendi batzuk ditugula. Aldapa handiagoa ala txikiagoa izan, Nerbioi bailara osatuko dute horiek ere. Antzina ur garbi eta gardenak zituen ibaiak zati horretan, eta arrainak ere bai. Gaur egun, aldiz, urak ez dira ez garbiak, ez gardenak: beltzaxkak dira, industria-hondakinek kutsatuak. Hori izango da, akaso, «aurrerabidearen eta garapenaren» prezioa (hori guztia gutxieneko ekologiko batzuekin bateragarria izango ez balitz bezala).
Artanda eta Upo ekialdetik, eta Pastorekorta eta Pagasarriko mendiak mendebaldetik, azken tontorra den Malmasineraino heltzen dira, Nerbioi ibaiak jaiolekutik Basauriraino egindako ia 50 km-ko ibilbidearen azken zatiaren zaindariak bailiran. Hantxe elkartzen da Ibaizabal anaiarekin. Herrian bertan, arazoak ditu ibaiak, gizakiok bere bidea gureganatu dugulako: estutu egin dugu, eta «hormigoizko mendiak» eraiki dizkiogu magalean bertan. Ordea, ibaiak badaki oztopo horiek guztiak gainditzen eta Urbi topagunera heltzen.
Hantxe ere, eztabaidarako beta: batzuek diote Ibaizabal dela Nerbioiren ibaiadarra; beste batzuentzat, aldiz, kontrakoa da. Aroz aro sortutako dokumentazioak argi uzten du ibai biak batu ostean sortzen den emariak izen biak jaso izan dituela: Ibaizabal zein Nerbioi. Geologiaren alorreko argudioak, ibaiaren orientazio orokorra, ur-emariaren edukiera eta luzera aztertu ondoren ere, geologoak eta ikertzaileak ez datoz bat. Guk geuk, gaiari buruz ezjakinak izan arren eta kontuan hartu barik zein den zeinen ibaiadarra, zera nabarmendu nahi izan dugu: ibai anaia biak ELKARTU egiten direla; antzina garbi eta garden izandako urak, gaur ilun eta kutsatuak, batera doazela elkarrekin, Kantauri itsaso handirantz, bake eta askatasunaren ikur.
Naturan gertatzen dena, gerta bedi gizakion artean ere.